XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4.1.- FINANTZ ANALISIARI BURUZKO ZENBAIT KONTZEPTU.

Balantzeen analisia finantz ikuspegitik, enpresak bere obligazioak betetzeko duen ahalmenaren azterketa da; ikuspuntu honetatik, aktiboko osagaiek diru bihurtzeko duten gaitasuna hartzen da kontutan; eta pasiboko elementuak ordaintzeko dagoen premia ere kontsideratzen da.

Finantz zentzuan kapitala balore-fondotzat hartzen da, balore hauek diru bihurtzeko gai direlarik.

Honek ez du kapitalak ondare ikuspegitik duen garrantzia ahaztu behar denik esan nahi; ezta enpresaren errentagarritasunarekin zerikusirik duela ere.

Beraz, eta beti finantz ikuspegitik, kapitala honela sailka daiteke: Iraunkorra: enpresan denbora luzez irauteko joera duten osagaiak.

Finantzarioa: etengabe berritzen diren aktiboko elementuak.

Sailkapen hau (kapital iraunkorra eta kapital finantzarioa) eta ondorengoa ez dira berdinak: kapital finkoa eta kapital zirkulatzailea.

Azken sailkapen hau balantzen ondare-analisian erabiltzen da.

Bi sailkapen hauen arteko bereizketa nabarmena da.

Izan ere, kobraezinezko kredituak, segurtasunezko stockak, eta abar, egon daitezke eta hauek kapital zirkulatzailearen barruan sartzen dira.

Finantz analisian ordea, kapital iraunkorraren zati bezala hartuko dira.

Beraz, kapital iraunkorraren barruan ondorengo elementuak aurki daitezke: 1) Ibilgetu teknikoak: enpresari zerbitzua ematera zuzendurik daude.

Beraz, epe laburrean ez dira diru erabilgarri bihurtuko, edo behintzat, hori ez da beren xedea.

Osagai hauek amortizazio-prozesuaren bitartez joaten dira diru bihurtuz, kostuaren barruan sartu eta produktuak saldu ondoren berreskuratzen direlarik.

2) Ibilgetu finantzarioak: inbertsio finantzario iraunkorrak dira (akzioak, obligazioak, maileguak).

Enpresaren iharduera normalean ez dira diru bihurtzen, edo, behintzat, beren eginkizuna betetzen ez den bitartean (gordailuak, fidantzak) ez dute diru bihurtzeko aukerarik.